Seaskako hiru kolegiotako ikasleek eta antolatzaileek urte hastapenean abiatu zuten proiektuari bukaera eman diote egun berezi honetan.
Urtean zehar, ikasleek ikerketa lanak eta ekoizpen anitz sortu dituzte aldaketa klimatikoaren inguruan. Fisikako eta Lur Bizi Zientzietako irakasleek izan dituzte gidari nagusiak. Ikasleek hainbat topaketa birtual ere egin dituzte elkar ezagutzeko eta gaiari buruzko ezagutzak partekatzeko.
Estitxu Robles kolegioko ikasleek infografia ederrak prestatu dituzte, eta maiatzaren 5ean Glein elkarte etxean erakutsi dituzte. Infografia horiek ahozko aurkezpenen euskarri baliagarri ere izan dira, ikasleen lanak argi eta modu dinamikoan azaltzeko.
Baionan iragaten den egun hau proiektuaren une nagusia izan da. Eguna bi zatitan antolatu da.
Goizean, ikasleak tailer ezberdinetatik pasatu dira. Tailer horiek hainbat eragile eta profesionalek animatu dituzte, gai ekologikoak modu praktiko eta parte-hartzailean lantzeko.
Arratsaldean, berriz, Kanaldude Herri telebistak zuzeneko emankizun berezi bat egin du aldaketa klimatikoaren inguruan. Saio hori haien webgunean ikusgai izanen da ondoko egunetan ere.
2024ean egin den emankizunaren grabaketa.
Proiektu honek aukera ederra eman die ikasleei ingurumenaren inguruko hausnarketa kolektiboa egiteko, elkarlanean aritzeko eta haien sormena garatzeko.
Azkenik, milesker bihotzez urtez urte proiektu hau biziarazten duten eragile profesional guztiei, tailerrak animatzeagatik eta ikasleei haien esperientzia partekatzeagatik. Eskerrak ere irakasleei, ikasleei eta familiei erakutsi duten engaiamenduagatik eta inplikazioagatik.
Halaber, proiektu hau posible egiten duen Euskararen Erakunde Publikoa gure esker beroenak, haien sustengu eta laguntzarik gabe ekimen hau ezin baita aitzina eraman.


